XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) Orduan, Heleno heroiak, Troiako Priamo erregearen semeak, ezagutu egin gintuen eta, pozez gainezka, jauregirantz gidatu.

Barruti harresituan sartu ginen eta une hartantxe, hara non Troia txiki bat aurkitu nuen begien aurrean, Pergamoko jauregi handi haren pareko gotorleku baten aurrean (...). Nire lagunek ere poz handia hartu zuten, galdutako aberriaren oroimena zekarkien hiri adiskide hura ikustean.

Gauak eta egunak eman genituen han, harik eta haizeak berriro gure alde jarri eta irteteko parada erraztu ziguten arte. Agur esan aurretik, Helenori, aldi berean errege eta igarle zen hari, galdegin nion:

- Troiako seme eta jainko-jainkosen hitzen interpretari zaren hori: Apoloren borondatea tripodeetan, Klarosko ereinotzean, izarretan eta hegaztien hegaldi eta kantuan igartzen duzun horrek, hitz egizu; arren eskatzen dizut.

Iragarpen guztiek bidaia ona iragartzen didate. Numen guztiek aholkatu didate Italiara joateko; Zeleno harpiak soilik iragarri dit zantzu txar bat: mendeku ankerrak eta gose ikaragarria. Erantzun iezadazu: hasteko, zein arrisku saihestu behar dut?, zer egin behar dut horren zailtasun larriak gainditzeko?

Orduan, Helenok, erritoak agintzen zuenari kasu eginez, zenbait txekor hil ostean, jainkoen baimena eskatu zuen arrenka. Ondoren, eskutik heldu zidan eta Apoloren tenpluko atalasera gidatu ninduen; hantxe, jainkoak argiturik, ondoko iragarpen hau egin zuen:

- Jainkosa baten seme zaren hori: igarpenek itsasoratu egin behar duzula adierazten didate; horrela xedatzen du jainko-jainkosen erregeak, zure etorkizuna prestatu eta zure patua hautatzen duen hark.

Ezer gutxi esan diezazuket bidaiak ekarriko dizunaz eta jakitea komeniko litzaizukeenaz, Parkek guztia jakitea eragozten baitidate eta Junok isil nadila agintzen baitit.

Lehenengo eta behin, gertu dagoela uste duzun Italia hori, eta laster iristekotan zaren portu horiek, oso urrun daude eta bide babesgabeak eta igarogaitzak ekarriko dizkizute (...).

Lurralde egokian hiri berri bat eraikitzea lor dezazun baino lehen, zure untziek Ausoniar itsasoko olatuak zeharkatu beharko dituzte, Infernuetako lakuak eta Zirzeren irlako urak.

Hona hemen nire hitzetan leku egoki hori aurkitzeko jarraitu behar dituzun seinaleak; ez itzazu ahaztu: ibai ezezagun baten ertzean, zure tristezian eta pentsamenduetan murgildurik zaudela, txerrama zuri bat ikusiko duzu, arte baten azpian etzanda, hogeita hamar txerrikume zuriri titia ematen: begien aurrean izango duzu zure hiria eraiki beharreko lekua (...). Virgilio, Eneida (egokitua).

tripode hiru hankako mahaia; Apoloren igarleak halakoan eserita iragartzen zuen jainkoaren borondatea.

numen: jainko txikia; jeinua.

harpia: erdi emakumea, erdi hegazti harrapakaria. atalase: sarrerako atea.